XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Txoritxoari mokoka

Azkenean

OPORRETARA NOA.

Nafarroara, urtero bezala.

Aire aire eta Hau da marka programak batere komentatu gabe noa, zoritxarrez.

Bi saiootako lankideek nire atsedenaldia eskertu egingo dutela diote zurrumurruek.

Badakizue, mihi luzeak zorroztu egiten direnean...

Seguru nago, hala ere, askoz gusturago ikusiko ditudala biak zutabea idatzi beharrik izan gabe.

Izan ere, lerrook idaztearen erantzukizunak nabarmen eragiten baitit inpresioren bat edo beste jasotzeko garaian.

Hiru urte eman ditut telebistari buruz egunero idazten, tarteka egin ditudan piper batzuk gora-behera.

Batek daki, ordea, zenbat diren aparailuaren aurrean eman ditudan orduak!

Nik baino hobeto jakingo duzue jadanik zenbat aldiz baliatu izan naizen zutabe honetaz nire familia edo herriko kontuak aireratzeko edo nire arazoak argitzeko.

Saihestezina egiten zait halako masturbazio mentalei ekitea hemen eta egoera honetan egonez gero.

Zutabe hau oso erakargarria omen da kazetarientzat, idatzi behar izaten dutenentzat, hain zuzen.

Sarritan entzun dut hori, baina nekez ulertzen dut adierazi nahi bide duena.

Telebista aurrean denbora eta denbora eman ondoren kostata esan daiteke ezer jakinik gehienetan.

Ezer duinik.

Ezta ezer normalik ere.

Zer esanik ere egon ez dagoelako.

No comment gehiegi izaten da pantailan.

Eskerrak noizbehinka gauza bereziak agertzen diren.

Bestela, hobe mistela.

Salbuespen bitxi horien artean, Jon Anduezak egun hauetan egindako elkarrizketa partikularra aipatu nahi nuke.

Down sindromea daukan mutil batekin aritu zen kazetari arrasatearra solasean Berriketa gutxi saioan; Gorka Zufiaurrerekin, hain zuzen Koldo Losadak zuzendutako La caja de cruasanes laburmetraian parte hartu berri du, aktore lanetan.

Sentsibilitatea baino gehiago ere behar da horrelako zerbait egiteko.

Eta, argi daukat, Anduezaren alde humanoak horretaz asko dakiela.

Down sindromearen estigmarekin bizi diren gizakiak oso-oso erakargarriak izan dira beti niretzat.

Gaixotasun hori duen lehengusu bat daukat nik familian, eta bizitzaren aurrean ingurukoak baino askoz ere ausart eta kementsuagoa dela iruditu zait betidanik.

Horregatik, Anduezaren proposamena detaile hutsa baino gehiago izan zen niretzat.

Berak ere, azken batez, ordu erdiko telebista esparrua eskaini zien Down sindromea duten guztiei, arau eroso guztien aurka eginez.

Zentzu orokor batean esan nahi dut.

Telebista tarteka bere alde humanoa erakusteko gai izaten da, oso-oso noizbehinka bada ere.

Ines Intxausti